XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta nik galtza petodunak jantzi behar izan nituen. Nola ez! Beti amak nahi duena egin behar izaten dut!

-Galtza zahar hauek... -esan nuen marmar batean.

Baina alfer-alferrik, jantzi egin behar izan nituen.

Janzterakoan atzamarka bat bezala sentitu nuen atzealdean eta zer ote zen ikusteko eskua atzeko patrikan sartu nuenean, hozkada txiki bat. Hatz-muturra odolduta neukan.

- Ama! Galtza hauek burdinaren bat daukate. Begira nolako zauria egin didaten!

- Ba al dakizu hori zergatik den? -esan zidan aitak. Galtza zahar deitzeagatik.

Galtzak haserretu egin dira eta horregatik egin dizute hozka.

Gure aitak horrelako txorakeriak esaten ditu batzuetan. Ez zaio kasu gehiagorik egin behar.

- Zatoz hona urratu hori ur oxigenatuarekin garbitzera -esan zidan gero.

Gure aitari urratuak ur oxigenatuarekin garbitzea asko gustatzen zaio. Ni saiatzen naiz horretan ere kasu gehiegirik ez egiten, baina urratuak garbitu behar direla esaten duenean...